JOXE AZURMENDI KATEDRAk 2021an aurkeztutako bi GRAL sarituko ditu.

Hirugarren edizio honetako sari bakoitza 500 euro gordinekoa izango da.

2019ko Uztailaren 7an Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “Pentsamendu Garaikiderako Joxe Azurmendi katedra proiektua” (JAK) sortzeko, garatzeko eta mantentzeko hitzarmena sinatu zuten.

Honen helburu nagusia Joxe Azurmendiren eta baita 1956ko Belaunaldiko kideen obra eta pentsamendua ikertu, ustiatu eta transmititzea ahalbidetuko duten ekintzak sustatzea da, bai eta horietan oinarrituz euskal pentsamendua eta euskal gizarteak behar duen masa kritikoa garatzen joatea ahalbidetuko duten ekintzak sustatzea ere.

JAK-k bultzatu nahi dituen ikerketa lerroak hauek dira: 1. 1956ko Belaunaldiaren pentsamendua; 2. Nazioarteko eragina euskal pentsamenduan; 3. Euskal pentsamenduaren transmisioa; 4. Hizkuntzaren eta kulturaren teoriak; 5. Naziogintza eta estatugintza; 6. Bizikidetza eta gogoeta etikoa; 7. Pentsamendu soziala eta kooperatibismoa; 8. Gizaberea eta gizakiaren ikuspegi berriak.

JAK-ren jardueretako bat honakoa da: “euskaraz idatzitako Filosofiako Gradu Amaierako Lan (GRAL) onenen artean sariak ematea”. Honenbestez, eta 2021eko hirugarren edizioari begira, hauek dira deialdiaren oinarrien xehetasunak:

  1. 2021eko otsaileko, ekaineko edo iraileko deialdietan aurkezten diren GRAL-en artean 500 euro gordineko bi sari emango dira. Sariak abenduan jakinaraziko dira (eman gabe utzi daitezke).
  2. Sarituko diren GRAL-ek ezinbestean jorratu behar dute, zuzenean edo zeharka, JAK-ren egitasmoan agertzen diren ikerketa lerroetako bat euskaraz.
  3. Sariak emateko batzorde ebaluatzailea honela osatuko da: JAK-ko Batzorde Eragileko kide bat, beraren Batzorde Kolaboratzaileko kide bat eta Filosofiako GRAL-en Batzordeko kide bat.
  4. Sariak emateko puntuazioan baremo hauek hartuko dira kontuan: % 40 GRALean lortutako nota, % 40 aipatutako ikerketa lerroekiko egokitasuna, % 10 Joxe Azurmendiren lanari aipamena eta % 10 euskararen kalitatea.

Informazio gehiago: i.zabaleta-gorrotxategi@ehu.eus