JAKren asmo garbia azpimarra dezagun marra lodiz honakoa da: jasotzen dugun diru guztia, salbuespenik gabe, ikerketa ezberdinak sustatzeko eta zabaltzeko bakarrik erabiltzea. JAKren ekintzak eta ekimenak, nagusiki, hiru mailatan kokatzen dira: Doktorego Tesien mailan, Master eta Master Amaierako Lanen mailan eta Gradu Amaierako Lanen mailan. 

Doktorego Tesia egiteko beka edo kontratua
JAK-ren lehen ekimena, eta Proiektuari zentzu osoa ematen diona, euskaraz idatzitako Doktorego Tesia 4 urteetan egiteko kontratu bat eskaintzea da, Zientziaren Legearen 21. artikuluaren arabera.

Kontratu horrek helburu jakin bat du, hala, Joxe Azurmendiren pentsamendua –alde batetik edo bestetik eta modu batean edo bestean– zuzenean ikertzea. Kontratu horren deialdirako ezaugarriak, baldintzak eta betebeharrak, oro har, “UPV/EHUn ikertzaileak prestatzeko kontratazio deialdiaren” parekoak izango dira.

Epaimahai Ebaluatzaile batek erabakiko du kontratu hau nori eskaini. Epaimahai horren osaketa JAK-k eta UPV/EHUko Ikerketa arloko Errektoreordetzak adostuko dute.

Filosofia, Zientzia eta Balioak masterra egiteko diru laguntzak
JAK-ren bigarren ekimena, zehazki, Filosofia, Zientzia eta Balioak (FZB) masterra egiteko lau diru laguntza ematea da: urtero 4 diru laguntza x 5.000 € (guztira 20.000 €).

Joxe Azurmendi izan zen FZB masterraren irakaslea erretiroa hartu arte; egungo irakasle asko berarekin ikasitakoak dira. Laguntza jasoko duen ikasleak, beti ere, konpromiso bat hartuko du aurrez, hala, bere Master Amaierako Lana euskaraz eta JAK-ren ikerketa lerroetako baten inguruan egitea eta horrekin loturiko artikulu bat argitaratzea.

Epaimahai Ebaluatzaile batek erabakiko du diru laguntza hauek nori eman. Epaimahai horren osaketa JAK-k adostuko du eta, erabakia hartzeko, FZB masterreko batzordearen iritzia jasoko du.

Filosofiako Gradu Amaierako Lanen sariak
JAK-ren hirugarren ekimena oinarrizkoagoa da eta, zehazki, euskaraz idatzitako Filosofiako GRAL edo Gradu Amaierako Lan onenen artean bi sari ematea da: urtero 2 sari x 500 € (guztira: 1.000 €).

Sarituko diren Gradu Amaierako Lanek ezinbestean jorratu behar dute, zuzenean edo zeharka, JAK-ren egitasmoan agertzen diren ikerketa lerroetako bat.

Epaimahai Ebaluatzaile batek erabakiko du sari hauek nori eman. Epaimahai horren osaketa JAK-k adostuko du eta, erabakia hartzeko, Filosofiako GrAL-eko batzordearen iritzia jasoko du.

Zabalkunde ekimenak
JAK Proiektuak, azkenik, bestelako hainbat ekintza eta ekimen bultzatu edo abian jarri ahal izango ditu gelditzen den diruarekin: urtero 3.000 €. Horien artean nabarmentzekoa da 2019ko abenduaren 11tik 13ra, ospatutako den kongresua: Joxe Azurmendi: euskal pentsamenduaren ur-jauzia. Bestelako ekintzak ere izan daitezke, esaterako, unean uneko lankidetzak hainbat erakunderekin: Jakiunde, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Center for Basque Studies, Aizmendiarretaren Lagunak Elkartea, Lanki, Etxepare Euskal Institutua, Euskal Kultur Erakundea, Arantzazu Gaur Fundazioa, Udako Euskal Unibertsitatea, e.a. Honetan guztian, hala ere, aipamen berezia merezi du Jakin Fundazioarekin izango den lankidetzak, besteak beste, hainbat argitalpen eta jardunaldi bideratzeko.