Helburu nagusiak
Proiektuaren egitekoen artean lehentasuna du Joxe Azurmendiren obra eta pentsamendua –eta baita 1956ko Belaunaldiko beste batzuena ere– ikertzea, ustiatzea eta transmititzea ahalbidetuko duten ekimenak sustatzea. Horrekin batera, halaber, bada ere asmoa hark bere ibilbide intelektualean izan dituen bertako zein kanpoko interlokutoreen pentsamendua aztertzea, ulertzea eta gureganatzea.

Helburua, dena den, ez da Joxe Azurmendi “jainkotzea” –ez pertsona bezala ez intelektual bezala–, baizik eta, berea abiapuntutzat hartuz eta aztertuz, aurrera begira jartzea. Kontua da, finean, euskal pentsamendua garatuz joatea –horretan ez baita nahikoa euskaraz argitaratzea– edota euskal gizarteak behar duen masa kritikoa sortuz joatea. Joxe Azurmendi, egiaz, “bitarteko” izango litzateke gehiago.

Lan esparruak
Aipatutako Katedraren helburu nagusiak gauzatzeko, alabaina, giza eta gizarte zientzia ezberdinetan egin daitekeen guztiari erreparatu behar zaio, eta, zentzu horretan, lanerako hainbat esparru aurreikusten ditugu bereziki. Hauek dira:

  • Esparru filosofikoa: Euskal pentsamendua garatzeko, ezinbestekoa da hausnarketa eta kritika sustatzea, eta, zalantzarik gabe, horien esparru naturalena filosofia da. Kontuan hartzekoa da, gainera, Joxe Azurmendi ezeren aurretik filosofo dela.
  • Bestelako giza eta gizarte zientzien esparrua: Euskal pentsamenduaren lanketa horretan, bestela, oso kontuan hartzekoak dira ere historia, hizkuntza, kultura, gizartea eta politika bezalako arloak. Joxe Azurmendik, halaber, arreta handia eskaini die horiei guztiei.
  • Zabalkunde esparrua: Euskal pentsamendua ez da izan, ez da eta ez da izango aparteko zerbait, eta, alde honetatik, nazioartearen eragina gurean aztertzea bezain garrantzitsua da, bai, gure ikerketak –eta bereziki horien edukiak– nazioartean ere ezagutzera ematea.

Ikerketa lerroak
Proiektuak bultzatu nahi dituen ikerketak, oro har, giza eta gizarte diziplina ezberdinek zeharkatzen dituzten hainbat lerrotan biltzen dira. Azpimarra dezagun, berriro, horiexek direla Joxe Azurmendik mahaigaineratu eta filosofikoki landu dituenak. Honakoak dira ikerketa lerro horiek:

  • 1956ko Belaunaldiaren pentsamendua: Honen helburua Euskal Herriarentzat une historiko jakin horretan hainbat pentsalarik landutakoa aztertzea da.
  • Nazioarteko eragina euskal pentsamenduan: Honen helburua atzerriko pentsalariek historian zehar Euskal Herriko adituengan eduki duten eragina aztertzea da.
  • Euskal pentsamenduaren transmisioa: Honen helburua hainbat euskal idazle eta pentsalari historikoren lana zuzenean aztertzea, testuinguruan jartzea eta ezagutzera ematea da.
  • Hizkuntzaren eta kulturaren teoriak: Honen helburua Euskal Herriaren errealitatean funtsezkoak diren hizkuntza eta kultura bezalako elementuak aztertzea da.
  • Naziogintza eta estatugintza: Honen helburua Euskal Herriarentzat oinarrizkoa den nazio kulturalaren kontzeptua eta honek estatu politikoarekiko duen erlazioa aztertzea da.
  • Bizikidetza eta gogoeta etikoa: Honen helburua Euskal Herriak erakusten duen errealitate gatazkatsua eta bizikidetzarako behar dituen oinarriak aztertzea da.
  • Pentsamendu soziala eta kooperatibismoa: Honen helburua Euskal Herriak bereziki garatu duen kooperatibismo sozialaren inguruko egitasmoa aztertzea da.
  • Gizaberea eta gizakiaren ikuspegi berriak: Honen helburua gizakiaren izaera animaliarretik abiatuz existentzialismotik, pertsonalismotik edo erlijiotasunetik hausnartu daitekeena aztertzea da.