Sinetsita gaude PENTSAMENDU GARAIKIDERAKO JOXE AZURMENDI KATEDRA PROIEKTUAk (JAK) euskal unibertsitatearen eta gizartearen benetako behar bati erantzun diezaioke, bereziki, euskal kulturaren inguruko hausnarketa kritikoa euskaraz sustatuz.

Proiektu hau proposatzearen iniziatiba, zehazki, UPV/EHUko Filosofiako hiru sailetako irakasle eta ikertzaile batzuei eta Jakin Fundazioko arduradunei dagokie. Horretarako badaukagu jada Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoa eta, aurrera begira, babesle berriak aurkitzeko asmoa daukagu. Horiekin guztiekin hitzarmenen bidez gauzatuko da harremana.

Altxor bat aztertzeke
Joxe Azurmendiren obra altxor ezkutu baten parekoa da, hala, oraindik merezi bezala baliatu ez den eta behar bezainbeste ustiatu ez den batena. Bere pentsamenduan Euskal Herriak azken 50 urteetan ezagutu dituen eraldaketa sakonen aztarnak aurkitzen dira. Askotarikoak dira, horrela, hark zorrotz aztertzen dituen gaiak: euskal hizkuntzaren eta kulturaren modernizazioa, estatuari eta nazioari buruzko gogoeta, marxismoaren eta abertzaletasunaren arteko eztabaida, pentsamendu soziala eta kooperatibismoa, gizaberea, tradizioaren eta modernitatearen arteko lotura, e.a.

Hiru esparru nagusitan antzeman daiteke Joxe Azurmendiren ekarpen eskerga. 1. Betiko euskal idazle eta pentsalarien estudioa: berak hemen, zehazki, gure tradizioa bistaratzen du ondorengoei transmitituz. 2. Europar pentsamendu filosofikoaren azterketa: honetan, bada, garaiko eztabaida ezberdinetan murgiltzen da bere ekarpen propioak eginez. 3. Unean uneko auzi etiko-politikoei buruzko gogoeta: hemen aurrez aurre begiratzen dio errealitateari, beti ere, euskal erronkei erantzun nahian. Eta hiru esparru horietan eskaintzen zaiguna, egiaz, oraindik aztertzeke dago.

Iragana eta etorkizuna
Joxe Azurmendi, bestela, 1956ko Belaunaldia gisara ezagutzen den taldearen kide da eta, zentzu horretan, bere pentsamendua une jakin batean eta beste batzuenarekin batera abiatzen da. Kontua da, zehazki, horiek orduan “euskal munduaren” hil edo biziko egoeraz jabetzen direla, gogora dezagun Txillardegi horien artean, kezka eta arazo ezberdinei aurre egiten saiatuz. Premiak eraginda, horrela, munduan zeharreko hainbat filosofia-korronte lantzen dituzte, bai eta hainbat proposamen politiko, kultural eta sozial egiten ere. Belaunaldi horren inguruan, egiaz, asko dago oraindik ikertzeko.

Baina Joxe Azurmendiren obra aztertzerakoan, ez diogu soilik iraganari behatzen, baizik eta batez ere etorkizunari. Kontua da, bada, nora goazen irudikatzeko jakin egin behar dugula nondik gatozen. Euskal gizarteak, bestela esanda, ezin du bere etorkizuna eraiki bere iragana ezagutu gabe. Haren obra, horrela, aldi berean da gure ulermenaren oinarri eta gure egitasmoen iparrorratz. Horrexek, bestela esanda, ikerketa ezberdinen inspirazio iturri garrantzitsu bat osatzen du, hain zuzen, giza eta gizarte zientzia ezberdinetan burutu daitezkeen, eta burutu behar diren, hainbat eta hainbatena.

Erreferentzia intelektualen beharra
Euskal Herriak, bestelako edozein herrik bezala, bere erreferentzia intelektual propioak behar ditu. Mundua eta bizitza ulertzeko modua ez da bakarra, baizik eta askotarikoa, eta, alde horretatik, guk ere gure ikuspuntutik behatzen dugu errealitatea. Baina aipatutako erreferentzia intelektual horiek ez dira berez sortzen eta ez dira betirako; alderantziz, horiek etengabe landu eta aberastu behar dira, hain zuzen, gure talentua bilatuz eta zainduz. Horixe da euskal gizartearen egiteko kultural garrantzitsuenetako bat eta, zentzu horretan, JAK-k funtsezko sostengu instituzional bat eskain diezaioke egiteko horri.

Azpimarratzekoa da, azkenik, euskal pentsamenduaren garapenak ezinbestekoa duela ere euskaraz landutako ikerketak eta euskaraz argitaratutako saiakerak sustatuko eta babestuko dituen marko instituzional egoki bat. Horren haritik, eta esplizituki, gogora ekarri nahi dugu UPV/EHUren Euskararen III Plan Gidaria 2018/2022. Hemen honako helburuak zehazten dira: “euskaraz eginiko doktorego-tesi kopuru orokorra handitu” eta “euskaraz plazaratutako ikerketen balioa eta oihartzuna handitu”. Esandakoak esanda, beraz, JAK horretarako bilgune aproposa izan daiteke.

Talde eragilea
– Iñaki Zabaleta Gorrotxategi (UPV/EHU, Proiektuaren Koordinatzailea).
– Ekai Txapartegi Zumeta (UPV/EHU).
– Arantza Etxeberria Agiriano (UPV/EHU).
– Antonio Casado da Rocha (UPV/EHU).