Pertsona
Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941) Euskal Herri garaikideko pentsalari oparoena da seguruenik. Gaztetan frantziskotarren inguruan ikasi ondoren (Zarautz, Erriberri eta Arantzazun) atzerrira joan zen bere ikasketekin jarraitzeko: teologia Erroman eta filosofia Münsterren. Etxera itzuli eta gero unibertsitateko irakasle gisara jardun du gehienbat: EUTG-Deustun lehenengo (1978-1981) eta UPV/EHUn ondoren (1981-2014). Azken horretan Filosofia Modernoko katedradun izan da 1993tik aurrera. Erretiroa hartzerakoan, 2011n, Katedradun Emeritu izendatu zuen UPV/EHUk.

Azurmendi, bestela, ez da inolaz ere unibertsitateko dozentziara mugatu eta, alde horretatik, azpimarratzekoa da 1960az geroztik Jakin Taldeko kide dela (horrek jaso berria du Gipuzkoako Urrezko Domina) bertan, esaterako, Jakin Irakurgaiak sailaren arduradun izanez. Pentsamenduaren Klasikoak, RIEV edo UPV/EHUko argitalpen edo erredakzio kontseiluko kide ere izan da. Era berean, 1973az geroztik UEUren ekitaldietan parte hartzen du, eta baita bestelako ikerketa proiektuetan ere, adibidez, Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren inguruan. Euskaltzaindiak 2010ean Ohorezko Euskaltzain izendatu zuen.

Obra eta ekarpena
Joxe Azurmendiren obra idatzia izugarria da. Orain arte digitalizatutakoari bakarrik erreparatuz, bada, 36 liburu, 110 liburu-zati eta 471 artikulu aurkitzen ditugu. Horietan guztietan, modu batean edo bestean, euskal kultura aztertzen du historikoki eta konparatiboki –beti ere pentsamendu filosofikoaren ikuspuntutik–, eginkizun horretan oso kontuan hartzen duelarik beti europar kultura orokorra. Bere ondarean, hala, mota guztietako gaiak eta azpigaiak aurkitzen ditugu sakon landuta: politika, etika, historia, gizartea, hizkuntza, literatura, komunikazioa, artea, zientzia, teknologia, e.a.

Azurmendik garbi du, oso gainera, euskal kultura jorratzeko –ulertzeko eta garatzeko– ezinbestean erreparatu behar diola europar pentsamenduari –gurea ez delako irla isolatu bat–, eta baita atzoko eta gaurko euskal autoreei –badaukagulako pentsamendu bat–. Horren haritik, eta ekinaren ekinez, haren idazlanek sona handia eta itzal ukaezina lortu dute gure herrian. Horren lekuko dira, esaterako, hark jasotako sari ezberdinak: Andima Ibiñagabeitia (1976), Irun Hiria (1978 eta 1998), Juan San Martin (2005), Euskadi Literatura (2010 eta 2015), Dabilen Elea (2012) eta Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa (2012).

Euskal intelektual bat
Joxe Azurmendi, egiaz, Euskal Herriarekin konprometitutako pentsalari bat da eta, alde horretatik, zalantza handirik gabe baieztatu dezakegu bere obra osoa horren emaitza dela. Baina bere konpromiso hori, errepika dezagun, ez da esparru akademikoan geratzen, eta, zinez, horren lekuko da ‒hainbat erakunderekin kolaboratuz‒ erakutsi duen inplikazioa euskararen normalkuntzan, kulturgintzan eta bakegintzan. Auzi politikoetan ere busti da, bai, baina alderdikerietan jausi gabe. Horrela, bada, benetako intelektual baten aurrean gaude, hots, gure herriak behar dituen horietako baten aurrean.

Azurmendik bere obra gehiena euskaraz argitaratu izana, halaber, intelektual gisa hartzen duen konpromisoaren ondorio eta isla da. Berak ondo asko daki, jakin ere, euskal kultura indartzea euskarazko kulturan aritzea dela, eta –bere CV propioari gehiegi erreparatu gabe– euskarazko euskal pentsamendua sortzeari ekin dio. Horrela, eta praktikan ere, epe luzera begiratzen erakusten digu, ze besteek egindakoa kopiatzeak edo itzultzeak bakarrik bide motza du. Horrenbestez, bada, zera esan dezakegu: Joxe Azurmendi “euskal intelektual” bat da, bai, baina ez soilik “izenez”, baizik eta baita “izanez” ere.